Inoiz galdetu al diozu zeure buruari zergatik jada ez den kargatzen telefonoaren bateria?
Inoiz agortu al zaizu bateria telefonoa oso tenperatura hotzean egon ondoren?
Baterien post mortem analisia deiturikoaren bidez, funtsezko informazioa lortuko dugu bateriak huts egitearen arrazoiei buruz. Bateriaren historia ere ezagut dezakegu teknika hori erabilita.
Toki egoki batean, bateria ireki behar da, eta haren osagaietako bakoitza aztertu, nola andeatu diren eta horrek bateriaren errendimenduan zer eragin duen ikusteko. Izan ere, zahartzeak ez du esan nahi gaitasuna galtzea soilik; erresistentzia handia ere ekar dezake, edo bateria motelago kargatzea eta deskargatzea (hau da, bateriak ezin ditu jasan korronte-punta handiak). Informazio hori guztia bateriaren hatz-markaren parte izango da, eta irekitzen dugunean ikusiko dugu.
Adituek soilik egin dezakete analisi hori, zehatz-mehatz ezagutu behar baitira bateriaren fabrikazioarekin erlazionatutako xehetasunak, erabilera mota, errendimendua eta, batez ere, baterien kimika.
Bateriaren hatz-markak identifikatzeko, post mortem analisietan adituak azken belaunaldiko zenbait tresna erabiliko ditu. Tresna horietako bat mikroskopio erraldoi bat da, eta haren bidez mikra bat ere ikusten da; alegia, ile bat baino hamar aldiz txikiagoa den partikula bat. Ekorketako mikroskopio elektronikoa (SEM) esaten zaio tresna horri. Baliteke partikula batzuk askatu izatea edo formaz aldatu izatea, eta, ondorioz, material aktiboa inaktibo geratzea; litekeena da, halaber, porositatea neurri batean blokeatuta egotea eta horrek zailago bihurtzea ioiak matrize batetik bestera igarotzea. Horren guztiaren ondorioz, bateriak huts egingo du pixkanaka, eta haren bizitza baliagarria amaitu egingo da.
Oro har, hasierako ahalmenaren % 80ra iristean esaten da bateriaren bizitza baliagarria amaitu dela. Beste tresna batzuk ere erabil daitezke bateria post mortem aztertzeko. Esaterako, zehatz-mehatz azter daiteke elektrolito likidoa, gasen kromatografiako (GC-MS) teknika baten bidez. Teknika horri esker, elektrolitoa pixkanaka nola andeatzen den ikus daiteke, eta hori funtsezkoa da bateria nola andeatzen den ulertzeko, normalean elektrolitoa andeatzean egiten baitu huts bateriak eta, sukoia denez, arriskutsua da azken erabiltzaileentzat.
Guztira azken belaunaldiko 15 tresna esperimental baino gehiago erabil daitezke bateriak aztertzeko; horri esker, hutsegiteak aztertzeko matrize oso bat eraiki dezakegu. Analisi horiek aldera daitezkeenez eta elkarren osagarri direnez, bateriaren hutsegiteen diagnostiko arrakastatsua egiten da.
Bete hurrengo formularioa zure proiektuari buruzko informazioarekin eta ahalik eta azkarren jarriko gara zurekin harremanetan.