BCARE, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC energiGUNEtik sortutako spin off-ak Soraya Romo Díez izendatu du enpresako Zuzendari Nagusi berri. Aukeraketa hori, startupak sektorean une honetan betetzen duen erreferentziazko lekua sendotzeko eta bere eredua negozio bide berrietara hedatzeko prozesuari laguntzeko apustu estrategikoaren barruan dago.
“Soraya Romo Diezen izendapena oso garrantzitsua da BCARErentzat, etorkizunera begira erronka berriei modu ordenatuan aurre egiteko aukera emango digulako, baina ondo egiten ari garenarekin lotura galdu gabe”, adierazi du Javier Olarte BCAREko CEOak.
“Oso pozgarria da egiaztatzea hemen, CIC energiGUNEn, sortu den eta hain denbora laburrean arrakasta izateko eta sendotzeko gai izan den proiektu batek erronka berriei aurre egiteko hazten jarraitzen duela”, adierazi du Nuria Gisbertek, spin-off-eko presidente eta energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den CIC EnergiGUNEko zuzendariak.
Soraya Romo Díez industria ingeniaria da, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du sektorean. Bere ibilbidea profil teknikoetan hasi zuen eta, azken 10 urteetan, zuzendaritza eta gerentzia postuak bete ditu. Iberdrolatik eta Vinci Energiesetik eta Velatia eta Lekunbide Taldea familia-enpresetatik igaro da, besteak beste.
Euskal Herriko Unibertsitatean Industria Ingeniari gisa duen prestakuntzaz gain, BCAREko Zuzendari Nagusi berriak EHU/UPVko “Enpresa Lehiakortasunerako Kudeaketa Masterra” izeneko Executive MBA GECEMa du, eta IE Business School-eko goi-zuzendaritzako “Advanced Management Program” programa osatu du.
CIC energiGUNEri buruz
CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energia biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, mondragon KORPORAZIOA eta nortegas.
Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 600 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 40 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.
Bete hurrengo formularioa zure proiektuari buruzko informazioarekin eta ahalik eta azkarren jarriko gara zurekin harremanetan.