BCARE, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC energiGUNEtik sortutako spin off-a aukeratu dute “Energía Positiva+” ekimenaren sustatzaileek, deskarbonizazioa bultzatzeko baterietan oinarrituta dauden biltegiratze sistemen digitalizazio proiektua garatzeko. BCAREren proposamena, Estatu osoko 400 proposamen ingururen artean nagusitu da, eta, orain, deialdia egin duen enpresa baten edo gehiagoren laguntza jasotzeko aukera izango du, finantzaketaren edo berrikuntza, inbertsio, merkataritza garapen eta estruktura baliabideen bitartez.
“Bultzada handia da gure enpresarentzat, eta ekonomia eraginkorragoarekin eta iraunkorragoarekin dugun konpromisoaren ondorio naturala dela esatera ere ausartuko nintzateke”, adierazi du Javier Olartek, energiaren biltegiratze arloko enpresentzako aliatu estrategiko gisa finkatu den BCAREko Zuzendariak. “Oso denbora gutxian, BCAREk erakutsi du energiaren biltegiratzearen alorreko industriarentzat balio erantsi handia duten ekintzak proposatu daitezkeela, beraien zerbitzuak eta produktuak hobetuko dituzten eta, gainera, krisialdi honen ondoren ekonomiak eskatu behar duenaren bidean doazen, proposamenak” adierazi du Nuria Gisbert spin-off-eko Presidente eta energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferente eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den CIC energiGUNE ikerketa zentroko Zuzendariak.
Estatuan aitzindaria den Energía Positiva+ deialdia joan den apirilean jarri zen martxan, energiaren ikuspegitik, Covid-19aren krisiaren ondoren Espainia ekonomiaren eta gizartearen aldetik berrindartzeko tresna nagusi gisa berrikuntza egituratuko luketen proiektuen bila. Hamahiru egunetan bakarrik, deialdiak 396 proposamen jaso zituen.
Hilabete hau amaitu aurretik, BCAREren proposamenaren aurrean interesa duen/duten “Energía Positiva+” ekimeneko enpresak edo enpresek, lankidetzarako akordioa itxiko du/te start up-arekin. Plataformako kideak Enagás, Red Eléctrica, CLH, Iberdrola, BP, EIT InnoEnergy, Acciona, Capital Energy eta DISA dira. Horrela, esan behar da BCARE lanean ari dela jadanik bere sektorean puntakoak diren enpresa garrantzitsuekin, Iberdrola, Acciona, Siemens-Gamesa edo Volvorekin, besteak beste. Helburua, aukeratutako start-up-ak ekainetik aurrera lanean hastea da, urtebeteko epean beraien soluzioak garatzeko eta ezartzeko.
CIC energiGUNE Europako erreferentziazko ikerketa gunea da energia biltegiratzearen arloan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren arlo horretako ekimen estrategikoa da, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza ere badu, eta energiaren eta biltegiratzearen sektoreko Euskadiko enpresa nagusiak ditu bere patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, mondragon KORPORAZIOA eta nortegas.
Horrez gain, CIC energiGUNE Europa hegoaldeko energia biltegiratze arloko erreferentziazko laborategia da, beste inon ez dauden instalazioak baititu. Horien artean, biltegiratze elektrikorako (automoziorako egoera solidoko bateriak barne) eta biltegiratze termikorako prototipatu eta testatze azpiegiturak azpimarratu behar dira. 600 argitalpen zientifikotik gora ditu eta urtean 40 industria proiektu baino gehiagotan hartzen du parte.
BCARE, baterien eta kondentsadoreen diagnostikoan eta aurreikuspenean balio erantsiko zerbitzuak eta energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako gaietan kontsultoretza zerbitzuak ematera bideratutako CIC energiGUNEren lehenengo spin-off-a da. BCARE aholkularitza integraleko zerbitzu enpresa da, eta bertatik hau eskaintzen du: azterketa eta laguntasuna baterien eta kondentsadoreen teknologien aukeraketan, kimika ezagupenetan oinarrituta; baterien jokabidearen aurreikuspeneko diagnostikoa; erabiltzen ari diren baterien bizi itxaropena eta errendimendua hobetzeko analisia, diagnostikoa eta aholkularitza; Auditoretzak egitea, hirugarren parte gisa; biltegiratze soluzio berrien ebaluazio tekniko-ekonomikoa; eta bateriaren akatsaren zergatien post-mortem azterketa.
Bete hurrengo formularioa zure proiektuari buruzko informazioarekin eta ahalik eta azkarren jarriko gara zurekin harremanetan.